Utilizamos cookies para mejorar nuestros servicios analizando sus hábitos de navegación. Si continua navegando, consideramos que acepta su uso. Acepto Más información

 

Kastonea nekazal turismoa

Kastonea nekazal turismora datorrenak etxaldeko lanak egiten lagun gaitzake, eta animaliak nola zaintzen diren ikusteko aukera izango du. Bai Ballenea nekazal etxean daudenek bai Kastonea apartamentuetan daudenek izango dute txahalak, ardiak eta arkumeak nola hazten ditugun ikasteko aukera. Geure ardiak eta behiak geuk jezten ditugu. Geure oiloen arrautza freskoak jasotzen ditugu, eta geuk ematen diegu jaten geure behiei, ardiei, zaldiei, txerriei eta oiloei. Hori guztia gure arbasoek egiten zuten eran, lurrak emandako produktuetatik bizi baitziren haiek. Baserriaren biziraupena bermatzeko era bat.

Gure ortu txikiko barazkiek hornitzen dute gure hozkailua, urte osoan zehar. Urteko aro bakoitza ekintza ezberdin bati lotuta etortzen da. Neguan txerria hiltzen dugu. Udaberrian arkumeak hazi eta ardiak jezten ditugu, gazta eta mamia egiteko. Udan, lurra lantzen dugu negurako abereen jakiak biltzeko eta ortuan lan egiten dugu. Udazkenean, uda osoa larrean pasa duten abereak baserrira biltzen ditugu eta negua pasatzeko prestatu. Landa eremuan lurretik bizitzearen esperientzia paregabea.

 

“Nekazal turismoko ekintza guztiak gure baserrian egiten dira, ostatu hartzen den lekutik kilometro batera, Iñarbil auzoan. Urtaroaren arabera ekintzak aldatu egiten dira. Ostatura iritsitakoan eskatu behar da bisita”.

 

EKINTZAK


 

Udaberrian

Udaberria iristen denean, Baztango bailara esnatu egiten da, animaliek negua pasatu dela sumatzen dute eta larrera irteten dira jaki freskoz betetako inguruko zelaietara. Jetzi gurekin gure ardiak eta ikusi gure baserriko lehen txitatxoak jaiotzen.

Udan

Udan, baserriko lana erabat aldatzen da. Behiak larrean ibiltzen dira, beraien txahalekin uda osoan. Guk egunero bisita egiten diegu ezer falta ez zaiela bermatzeko. Ardiei ilea mozten diegu eta larrera bidaltzen ditugu, herri-lurretara. Ardiak jezteari uzten diogu udazkenera arte; horrela, mendiko larreez gozatzen uzten zaie. Lau  edo bost egunean behin beraiek bisitatzera joaten gara, taldean jarraitzen dutela bermatzeko; bereziki udarako lehen egunetan, eguna luzeagoa delako eta arkara egoten direlako. Garai horretan oso garrantzitsua da ahariak taldetik ez banatzea, neguko erditzeak bermatzeko. Baserrian, neguan hilko ditugun txerriak eta oiloak bakarrik egoten dira, eta azken hauei arrautzak jasotzen dizkiegu egunero. Abeltzainok, udan, soroko lanak egiten ditugu. Eguraldiak laguntzen duenean, belarra moztu eta lehortu egiten dugu, neguan eta udazkenean behiei eta ardiei jaten emateko.

Udazkenean

Noizbait Baztango bailarara joatea liluragarria bada, zalantzarik gabe, udazkenean da. Hango usainak, zaratak eta bereziki koloreek izugarrizko erakustaldia eskaintzen dute. Gure basoak berde freskotik gorrixka edo marroi natural izatera igarotzen dira, inoiz ikusi dituzunik ikusgarrienak izateraino. Udazkeneko lehen euriek fresko usain berezia ekartzen dute, udako lore usainari lekua hartuz. Gaztainondoak, intxaurrondoak eta haritzak fruituak ematen hasten dira eta abeltzainok garoa mozten eta jasotzen aritzen gara, neguan gure abereek gainean lo egiteko ohe gisa erabil dezaten. Ordura arte gure mendiak berdetzen dituen garo freskoa heldu egiten da eta mendiak kolore marroi gorrixka ikusgarria hartzen dute. Baserri inguruan, behiek eta txahalek negua iritsi aurreko azken eguraldi onez gozatzen dute udazkenean; ardiak menditik baserrira biltzen dira eta neguari aurre egiteko behar duten energia emango dieten gaztainak eta ezkurrak jaten dituzte.

Neguan

Neguan, baserriko lanak bikoiztu egiten dira. Arkume guztiak jaiotzen dira eta ardiak jezten hasten gara. Behiak baserrian biltzen dira, neguko eguraldiarengatik babesteko, eta udan sorotik jasotakoak ematen dizkiegu jateko. Hotza eta elurra ere etortzen dira. Hori horrela, txerria hiltzen dugu eta biltegia betetzen dugu txistorra, odolki, urdaiazpiko eta solomoz. Egoera horretan iristen da inauteria. Gure herriek gure oinordekoek bezala ospatzen dituzten inauteriak. Nekazal inauteria ospatzeko, puske-biltzea edo janari biltzea  egiten da, etxez etxe, baserriz baserri… Mozorroak, karetak eta Damak nekazal sustraiak dituen festa bati amaiera ematen diote. Gure herrietan oso maitatuak diren festak dira. Emakunde, Gizakunde eta Orakunde Erratzuko inauterietako hiru egun handiak baino hiru egun lehenago izaten da.